
Iratiko
oihana Europako mendebaldeko pagadirik handi eta zaharrena dela esan ohi da.
Basoak, 14.000 hektarea inguru hartzen ditu, eta Nafarroa Behera, Zuberoa eta
Nafarroaren artean dago. Basoa, berez, bakarra da, baina zatirik handiena
Nafarroako lurretan dago; Iparraldeko bi probintziei dagokien zatiak 2.300
hektarea baino ez ditu hartzen. Baso zati hau Mendibe, Lekunberri eta
Larraineko udalerrietan dago. Denbora luzean bertara heltzeko modurik ez
zegoenez, Iratin oso fauna eta flora aberatsak gorde izan dira. Hedaduraren %
90 pagoek hartzen dute, baina Iratin badira mendi pinuak, zumarrak eta izeiak
ere.
Ibilaldi
honetan, 2015eko azaroaren 20an deklaratu zuten Urbeltza Erreserba Naturalean
ibiliko gara, eta ibaiaren bazterretan
gordetzen diren iraganeko lekuko isilak ezagutzeko parada izango dugu. Erreserbaren
erregimen hidrologikoa iraunkorra da. Ibaiaren ibilgua pagadi-izeidien formazio
batetik doa. Ur-lasterrak eta ur-jauziak putzuekin eta urmaelekin txandakatzen
dira, bai eta ur-laster jarraituekin ere. Ibai Erreserba Naturala Orreaga eta
Iratiko oihanaren arteko Kontserbazio Bereziko Eremuaren (KBE) barruan dago.
Iratiko
Etxeak atzean utzi, eta, pista zabal batetik erraz egingo dugu aurrera.
Ibaiaren ertzetik gertu marrazten den bide honetan (Errekaidorra izenez
ezaguna), argibide-taula desberdinak ikusiko ditugu, eta, horietan guztietan,
inguruko fauna, landareri, eraikin, jarduera, ustiapen eta bizimoduez
informazio zehatza jaso ahal izango dugu. Kilometro eta erdi pasatxo ibili eta
gero, El Cubo izeneko ur-jauzira jaitsiko gara. Garaiaren arabera ur-emaria
asko aldatzen da, baina leku polita da. Bide nagusira itzulita, bide
gorabeheratsuan erraz beteko dugu muga-hesiraino dagoen tartea. Zuberoako
lurretan barneraturik, bidegurutze batera helduko gara, eta bertan, GR-12 eta
GR T-9aren norabide desberdinak ikusiko ditugu. Zuberoako lurretan jarraituko
dugu Errekaidorra errekaren ondora heldu arte, eta, hemen dagoen zubitik Nafarroako lurretara itzuliko gara.
Ibilbide
honi izena ematen dion Errekaidorra bidea, bi bailaren artean sendotuz joan
diren loturen ikurra da. Irati bizitasun handiko lekua izan da orain gutxi
arte, basoko baliabideei esker, batik bat. Hasteko, Iratiko basoetako egurra
ustiatua izan da, besteak beste, mastak eta altzariak egiteko, beiraren
industria hornitzeko eta etxebizitzak berotzeko. Gizakiak kudeatutako gunea da
Irati, mitoen eta kondairen bizilekua, flora eta fauna oparokoa. Eta hain zuzen
ere, Iratiren bizigarri diren jarduera horiek guztiak ikus daitezke
Errekaidorra interpretazio bidean barrena, aire zabaleko museoan.
Nafarroako
lurretan berriro sartuta, pista zabalera aterako gara, eta, bertatik pare bat
kilometro bete eta gero, Urbeltza ibai aldera jaisten hasiko gara. Ibaiaren
ondora heldu baino metro batzuk gorago, basoaren ustiapenerako erabili zuten
burdinbidearen informazio irakurri ahal izango dugu. Abiapuntura iritsi
aurretik, Errege etxeen aurrien ondotik pasa eta Iratiko Elurretako Ama
Birjinaren ermita bisitatuko dugu. 1954ko abuztuan inauguratu zen. Pedro Lozano
de Sotés eta Francis Bartolozzi artistek egindako barruko zein kanpoko mural
ezagunak ditu, haraneko eguneroko bizitza eta lan tradizionalak irudikatzen
dituztenak.
 |
| Urbeltza errekaren paraleloan zabaltzen den bidetik |
 |
| Borda errekaren ertzean |
 |
| El Cubo ur-jauzia |
 |
| El Cubo ur-jauzia |
 |
| Bidegurutzea |
 |
| Pagadian murgilduz |
 |
| Enborrak garraiatzeko kable-sistema |
 |
| Argibide-taula |
 |
| Errekaidorrako zubia |
 |
| Pagadian maldan behera |
 |
| Burdinbidearen arrastoak |
 |
| Urbeltza erreka |
 |
| Elurretako Ama Birjinaren ermita |