2026(e)ko otsailaren 15(a), igandea

Lera-bidea

Powered by Wikiloc

 


Alkizako San Martin elizaren ondotik abiatu eta berehala, Alkizako mendi ibilbideen informazioa ematen duen egurrezko argibide-taularen ondora ailegatuko gara. Maldan behera egin eta Erdi Aroko jatorria duen Lete (edo Alkizalete) baserri ederraren ondora iritsiko gara. Gaur egungo baserria XVIII. mendeko eraikin barrokoa da, baina bere kanpo zein barne egituran Erdi Aroko hainbat elementu ikus daitezke: erdi puntuko arku bat eta behe-solairuko horma-atalaren zati batzuk, esate baterako. XVI. mendekoak diren zutoin eta habeak ere baditu. 2007ko maiatzaren 10ean, Eusko Jaurlaritzak Kultura Ondasun izendatu zuen, Monumentu sailkapenarekin.


Alkizalete baserria

Alkizako San Martin eliza

Baserriari bizkarra eman, maldan behera jarraitu, eta, bidegurutzera iristean, metalezko zutoin batean erakusten diren PR-Gi 78 eta SL-Gi 9 ibilbideen artean, ezkerretik ateratzen dena aukeratuko dugu. Porlanezko pistatik aurrera egin eta laster izango gara Berandoain baserriaren ondoan. Aurrez aurre, Hernioko gailurreria, eta gertuago, Algorri, Zopite eta Belako haitzak ikusiko ditugu.


Ibilbideen argibide-taula

Askantxoko saguzarren ibilbidearen bide seinaleak

Baserria inguratu, basoan murgiltzen den lurrezko pistatik jarraitu eta Berandoaingo karobiaren aurrien ondora helduko gara. Karea egiteko zulo edo hobi hauek betetzeko, azpiko aldean, egurra jartzen zen; horren gainean kareharria eta gero, txandaka egurra eta harria. Beheko ahotik su ematen zitzaion, eta, hiru egun eta astebete artean egozten egon ondoren, itzali egiten zen. Emaitza kare bizia zen. Baserri gehienek izan zuten karobia, bai etxeko hormak zuritzeko, baita baratzako zomorroak eta izurriak tratatzeko.


Ilunbeko galtzada

Leteren borda

Argibide-taula

Metro batzuk aurrera egin eta bidegurutze batera helduko gara. Askantxoko bide balizatua utzi eta, eskuinetik, maldan gora ateratzen den xenda hartuko dugu. Bide tarte honetan galtzadaren arrasto bikainak ikusi ahal izango ditugu. Ohikoa da gure mendietan galtzadekin topo egitea. Batzuen ustez, bide hauek erromatarrek eraikitakoak dira, baina ez da horrela, gure basoak eta mendiak ustiatzeko nekazariek eginikoak baizik. Pagadian zehar marrazten den Ilunbeko galtzadaren arrastoan altuera erraz irabaziko dugu PR-Gi 78 bide balizatuarekin bat egin arte. Bide nagusitik aurrera segi eta Leteren bordaren ondora ailegatuko gara, eta, honen ondoan dagoen argibide-taulan, basoa bizitzaren babeslekuaren inguruan azalpenak irakur daitezke.


Itxuraingo iturria

Itxuraingo urmaela

Itxuraingo tumulua

Bide nabarmenak berehala eramango gaitu Itzuregiko bidegurutzera. Zelatuna zuzentzen den bidea utzi eta, eskuinetik ateratzen dena hartuko dugu. Izeidia zeharkatu ostean, Hernioko gailurreriaren ikuspegi zabala izango dugu. Jaisten hasi orduko, Itxuraingo tumuluaren ondora helduko gara. Honen ondoan, urmaela, iturri dotore bat eta trantsizio-larreak berreskuratzeko garatzen ari diren proiektuaren berri ematen duen argibide-taula.    


Bide-seinaleak
 
Alkiza herria

Paraje eder hau atzean laga eta, Algorri mendia inguratzen duen bide zaharretik, Santa Kruz ermitaren aurrien ondora iritsiko gara. Bertan dagoen argibide-taulan ermitari buruzko informazioa irakurriko dugu. Begiratoki aparta honetatik atzera egin eta balizatutako bidera itzuliko gara. Bide zabal eta nabarmenak Alkizara gerturatuko gaitu Areta baserriaren ondotik igaro eta gero. Azken maldari aurre egin eta herriko plazan izango gara.


Lera (Iturraran museoa)

Lera (Baionako museoa)





iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina