Espainiako Gerra Zibila
amaitu eta, II. Mundu Gerra irabazi zuten aliatuen balizko erasoei aurre egiteko, beste hainbat errepiderekin
batera (Arkale, Aritxulegi, Agiña, Ingelesaren Gaztelua) Lezotik Guadalupeko
santutegiraino hedatzen den Jaizkibelgo GI-3440 errepidea eraikitzen hasi
ziren. 1939 eta 1946 urteen artean egindako errepideak helburu eta erabilera militarra zuen
soil-soilik. Lan horiek burutzeko, Estatuak hiru langile mota erabili zituen,
eta, horien artean milaka gerra-preso eta errepresaliatu. Hasierako
hilabetetan, gerran preso hartutako Langile Batailoiak aritu ziren lanean.
1940ko amaiera aldera, Errepublika garaian soldadutza egindakoek osatzen
zituzten Soldadu Langileen Zigor Batailoiak ordezkatu zituzten. Bi talde
hauetaz gain, erregimenaren aurkakoak edo harekiko erabateko adostasuna
erakutsi ez zutenek osatzen zuten azken taldea. 1943tik aurrera, sententzia
irmorik ez eta, kartzela zigorra murrizteko presoek amaitu zituzten azken
lanak. Francoren bisita bat aprobetxatuz, errepidea 1951n inauguratu zuten
ofizialki.
Lezo eta inguruko herrietako
biztanleek “trabajadoreak” izenez izendatu zituzten gerra ostean lan behartuak
egitera zigortu eta eraman zituzten langileak. Hauek barrakoi, kanpamendu eta
zoruan bertan egindako zuloetan bizi ziren oso baldintza desegokietan, esklabu
gisa. 2016an, herriko memoria historikoa berreskuratzeko eta ezagutzera ematera
helburuz sortu zen Etxetxo Lezoko Memoria Historikoaren Elkartea, eta bertako
kideek auzolanean burututako hainbat ekimeni esker, Iparragirreko basoan eraiki
zituzten barrakoiak berreskuratu dituzte. Iraganaren lekuko isilak,
sufrikarioaren eszenatoki krudela.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina