2021ean, Gipuzkoako Foru Aldundiak
Pagoetan dagoen haginen basoa ezagutzeko ibilbide berri bat prestatu zuen.
Ibilbide horren bidez, inguru hauetara gerturatzen diren bisitariek, parkean
dagoen haginen (Taxus baccata) populazio handiaz gain, konifero zein hostozabalen
baso desberdinak ezagutzeko aukera izango du. Lan hau, Life Baccata proiektu
europarrari esker burutu izan da.
| San Esteban elizako arkupea |
| San Esteban elizako arkupea |
Aiako aparkalekuaren ondoan dagoen
Gurutze Santutxotik (Etxetxo) abiatu eta, San Esteban elizaren ondotik igaro
eta gero, errepidera aterako gara. Bertatik metro batzuk ibili ondoren,
Pagoetara zuzentzen den porlanezko pista hartuko dugu. Hirurehun bat metro
bertatik egin, eta, lehen bidegurutzean, eskuinetik ateratzen den bide
balizatua (SL-Gi 4003 eta PR-Gi 4001)
hartuko dugu. Metalezko ate bat igaro eta, errepidearen paraleloan
zabaltzen den bidezidorrean zehar, erraz
egingo dugu aurrera.
| Burnigurutzetako bidegurutzea |
| Burnikurutzetako behatokia |
Gorabehera handirik gabe,
Giltzarriturriko paraje hezeen ondotik pasa eta Burnigurutzeko bidegurutzera
ailegatuko gara. Gertu dagoen izen bereko behatokitik parkearen eta kostaren
ikuspegi ederrak izango ditugu. Bidegurutze honetan dauden bi norabideen artean
edozein aukeratu dezakegu, ibilbidea zirkularra da eta. Ezkerrekoa utzi eta
eskuinekoa hartuko dugu, bide seinale zuri eta berdeek erakutsiko diguten
norabidean. Ibilbidearen zenbait tartetan egurrezko mailak jarri dira
mendizalearen ibilera errazteko.
| Sagastizabal baserria |
| Egurrezko mailetatik igotzen |
Baso ederrean zabaltzen den bide
zabalak Sagastizabal baserriaren ondora eramango gaitu. GFAk 1956an, Foru
Aldundiak Laurgaingo finkaren 500 hektarea erosi eta, hurrengo urtetan lur
hauek basoberritu zituen arte, baserri honen inguruko lurrak lauagoak ziren,
eta bertan, larreak, labore lurrak, baratzeak eta baserriari izena ematen dion
sagastia zeuden. Horrela bakarrik ulertu daiteke baso trinko batean baserri
honek duen kokapena. Baserria inguratu eta pistan barrena segituko dugu beste
bidegurutze batekin topo egin arte. Aldapa txiki batek, itzulerako bidea
erakutsiko digun beste bidegurutze batera eramango gaitu.
| Elutsaundiko pagadia |
| Behorbarroteko hagina |
Neberako Lizarra lepora doan bide
balizatua (PR-Gi 4001) gure eskuinera utzita, ezkerretik marrazten den
zidorretik jarraituko dugu Elutsaundiko pagadian barneratuz. Joan den mendeko
50eko hamarkadan, inguru honetako lur gehiena soilduta zegoen edo, behin eta
berriz inausi egiten ziren zuhaitzak altxatzen ziren. Gerora, basoberritze
politikak baso hauen biziberritzea ekarri zuen. Baso artean zabaltzen den
bidetik berehala iritsiko gara Behorbarroteko haginaren ondora.
| Behorbarroteko hagina |
“Behorren leku” honetako magaletan barreiatzen
den basoa mistoa da. Bertakoak diren pago eta astigarrekin batera, izei gorria
ikus daiteke, eta, horien guztien itzalpean bizirauten duten haginak ditugu.
Paraje honetan espezie honetako ale bikain batzuk ikus ditzakegu. Parkean ikusiko ditugun hagin
populazioak gazteak dira oro har, hala ere, Iberiar penintsulan populazio
dentsitate handienetakoa dela esan daiteke. Dentsitatea handia izan arren,
Pagoetan espezie horretako hagin gehiago badaude ere, adinari eta tamainari
dagokienez ez dago horrelako besterik, Behorbarroteko hagin honek 200 urte
baino gehiago ditu.
![]() |
| Haginaren hostoak |
Hagina (Taxus baccata) zuhaitz berezi
eta ederra da. Oso mantso hazten da eta bizitza luzea izaten du eskuarki. Kasu
batzuetan 20 metroko altuera izatera heldu badaiteke ere, askotan zuhaixkaren
itxura izan ohi du. Bere egurra oso gogorra da eta historian zehar erabilera
mota asko izan ditu. Penintsulako iparraldeko lurralde askotan, euskaldunak
barne, hagina zuhaitz sakratutzat zuten eta gure herriko mitologiari lotuta
egon da. Elezaharren arabera, euskal gerlariek erabiltzen zituzten geziak,
haginetik ateratako pozoiez bustitzen zituzten eta preso hartu eta hil
aurretik, zuhaitzaren fruituetatik lortzen zuten narkotikoa hartzen zutela esan
ohi da.
| Sagastizabalgo elur-zuloa |
| Sagastizabalgo elur-zuloa |
Aiako hagin zahar hau atzean utzita,
xendatik jarraituko dugu pista zabal batera jaitsiz. Kilometro erdi bat bete
beharko dugu Sagastizabaleko pagadira heldu eta honetan dagoen elur-zuloaren
ondora iristeko. Egitura hauek Euskal Herri osoan agertzen dira, baina izen
desberdinez ezagutu ohi dira: elur-zulo, izoztegi, hormagune eta elurtegi.
Hemen ikusiko dugun elur-zulo honek aspaldi galdu zuen bere estalkia, eta,
orain ikus daitekeena egituraren oinarria besterik ez da. Zulo hauetan
gordetzen zen elurrak luzaroan irauten zuen, batzuetan ekainera arte, eta
beharren arabera, inguruan zeuden auzo eta herrietara eraman ohi zen.
| Azkorteaitzeko faila |
| Azkorteaitzeko faila |
Gure ondarearen parte den egitura
berezia atzean laga eta beste kilometro bat bete beharko dugu Azkorteko haitza
dagoen hagin basoaren ondora heltzeko. Haitzaren haustura nabarmena duen haitz
hauetan, Pagoetako hagin-basorik garrantzitsuenetako ikusi ahal izango dugu,
gune harritsuetan bizirauten duten tamaina eta adin desberdinetako haginak.
Faila geologiko bereziaren azpitik jaitsi eta bidezidor balizatuak
Burnigurutzeko bidegurutzera eramango gaitu. Abiapuntura itzultzeko tenorean,
hasieran Aiatik honaino egindako bidetik beteko dugu.


iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina