Powered by Wikiloc
Adarra mendia Urumea eta
Leitzaran ibaien arroak banatzen dituen lehen tontor garrantzitsua da,
Adarra-Mandoegi mendilerroaren mendebaldeko azken gailurra. Bere inguruan
makina bat aztarna arkeologiko aurkitu izan dira eta horiek erakusten dute,
historiaurretik gizakia bertan bizi izan dela. Gaur egun ere mendizale andana
gerturatzen da bere tontorrera igotzeko, erakarpen berezia du, batik bat
Urtatsean, Urteberriko lehen egunean mendizale asko egunsentia bertatik
ikustera igotzen direnean. Antxon Iturriza idazleak, bere ·Historia testimonial
del montañismo vasco” liburuetan jasota du, 1924an Fortunako bazkideek ohitura
hori erabiltzen zutela, hots, tradizio hori Adarra mendian sortu zela.
Tontorrera
igotzeko biderik erabiliena eta motzena Besabitik ateratzen dena da, baina bada
beste bat geroz eta mendizale gehiagok erabiltzen dutena, Leitzarango haranetik
abiatzen dena hain zuzen ere. Otietako Leitzaran Ibaiko bisitarien zentroaren
goi aldean dagoen aparkalekutik abiatuko gara Plazaolako Tren-txikiaren
arrastoan. XX. mendean martxan jarri zuten trenbide hau hasieran mineralak
garraiatzeko erabili bazuten ere, gerora bidaiariak garraiatzeri ekin zion.
1953. urtean gertatu ziren uholdeen ondorioz, tunelak, zubiak eta abar suntsitu
ondoren, trenaren azkena izan zen.
200 metro geroago, pista utzi eta ezkerrera dagoen bidezidor batetik igoko gara, Munttoko bidegurutzeraino. Bidegurutze horren ondoan monumentu megalitiko bat dago, Munttoko zista izenekoa. Hilobi-monumentu txiki bat da, trikuharria baino txikiagoa, bertikalean jarritako lau harlauzek eta estalki gisako bosgarren batek ixten duten kutxa modukoa. Hildakoen gorpuak eta horien errautsak biltzen zituzten.
Aurrera jarraitu eta Otietatik datorren pista zabalarekin bat egingo dugu. Kilometro pare bat aurrerago, Lapurzuloara helduko gara, aterpe moduko baten ondora. Pistarik igotzen segi eta berehala iritsiko gara Usobelartzako zutarri edo monolitoaren ondora. 1,5 metroko altuera du eta bertako pudingadun hareharriaz egina dago. Inguruan Usobelartzako zohikaztegia ikusi ahal izango dugu. Zohikaztegi bat istildutako leku bat da, lurzoruak ura drainatzea galarazten duten geruza iragazgaitzak dituelako. Bertan, landare-kondarren deskonposizioa oso motela da, eta horregatik sortzen da zohikaztegia edo landare-ikatza. Usabelartzakoa da Gipuzkoan dirauen zohikaztegi bakarra.
Zohikaztegiaren ondotik,
pista utzi eta Oindoko magala igoko dugu berriro pistarekin bate egin arte.
Erraz iritsiko gara Agerreko zabalera, monumentu megalitiko multzo bat kokatuta
dagoen lekura. Adarra gertu izango dugu, baina merezi du lehenik Etenetako
zutarrira gerturatzea. Eteneta I Adarra mendiko Agerreko zabala izeneko lepoan
dagoen bi harrespilen multzoa da, horietako bat zutarri altu batekin batera.
Harrespileko zutarri nagusiak 2,5 metroko garaiera du.
![]() |
Igoerari amaiera emateko, eta, Adarrako tontorra zapaltzeko, aukera desberdinak ditugu. Aurrez aurre dagoen aldapa belartsu eta pikotik leporaino igo eta hortik tontorrera edo, eskuinetik aldapa leundu eta tontorrera igotzen den xenda txiki bat erabili. Silueta nahastezineko tontor bikoitz honi Agerre ere deitzen zaio, eta nola ez, bistak ikusgarriak dira begiratzen den lekura begira.



iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina