2026(e)ko azaroaren 7(a), larunbata

Errekaidorra bidea

Powered by Wikiloc

 


Iratiko oihana Europako mendebaldeko pagadirik handi eta zaharrena dela esan ohi da. Basoak, 14.000 hektarea inguru hartzen ditu, eta Nafarroa Behera, Zuberoa eta Nafarroaren artean dago. Basoa, berez, bakarra da, baina zatirik handiena Nafarroako lurretan dago; Iparraldeko bi probintziei dagokien zatiak 2.300 hektarea baino ez ditu hartzen. Baso zati hau Mendibe, Lekunberri eta Larraineko udalerrietan dago. Denbora luzean bertara heltzeko modurik ez zegoenez, Iratin oso fauna eta flora aberatsak gorde izan dira. Hedaduraren % 90 pagoek hartzen dute, baina Iratin badira mendi pinuak, zumarrak eta izeiak ere.

 

Ibilaldi honetan, 2015eko azaroaren 20an deklaratu zuten Urbeltza Erreserba Naturalean ibiliko gara, eta  ibaiaren bazterretan gordetzen diren iraganeko lekuko isilak ezagutzeko parada izango dugu. Erreserbaren erregimen hidrologikoa iraunkorra da. Ibaiaren ibilgua pagadi-izeidien formazio batetik doa. Ur-lasterrak eta ur-jauziak putzuekin eta urmaelekin txandakatzen dira, bai eta ur-laster jarraituekin ere. Ibai Erreserba Naturala Orreaga eta Iratiko oihanaren arteko Kontserbazio Bereziko Eremuaren (KBE) barruan dago.

 

Iratiko Etxeak atzean utzi, eta, pista zabal batetik erraz egingo dugu aurrera. Ibaiaren ertzetik gertu marrazten den bide honetan (Errekaidorra izenez ezaguna), argibide-taula desberdinak ikusiko ditugu, eta, horietan guztietan, inguruko fauna, landareri, eraikin, jarduera, ustiapen eta bizimoduez informazio zehatza jaso ahal izango dugu. Kilometro eta erdi pasatxo ibili eta gero, El Cubo izeneko ur-jauzira jaitsiko gara. Garaiaren arabera ur-emaria asko aldatzen da, baina leku polita da. Bide nagusira itzulita, bide gorabeheratsuan erraz beteko dugu muga-hesiraino dagoen tartea. Zuberoako lurretan barneraturik, bidegurutze batera helduko gara, eta bertan, GR-12 eta GR T-9aren norabide desberdinak ikusiko ditugu. Zuberoako lurretan jarraituko dugu Errekaidorra errekaren ondora heldu arte, eta, hemen dagoen zubitik  Nafarroako lurretara itzuliko gara.

 

Ibilbide honi izena ematen dion Errekaidorra bidea, bi bailaren artean sendotuz joan diren loturen ikurra da. Irati bizitasun handiko lekua izan da orain gutxi arte, basoko baliabideei esker, batik bat. Hasteko, Iratiko basoetako egurra ustiatua izan da, besteak beste, mastak eta altzariak egiteko, beiraren industria hornitzeko eta etxebizitzak berotzeko. Gizakiak kudeatutako gunea da Irati, mitoen eta kondairen bizilekua, flora eta fauna oparokoa. Eta hain zuzen ere, Iratiren bizigarri diren jarduera horiek guztiak ikus daitezke Errekaidorra interpretazio bidean barrena, aire zabaleko museoan.

 

Nafarroako lurretan berriro sartuta, pista zabalera aterako gara, eta, bertatik pare bat kilometro bete eta gero, Urbeltza ibai aldera jaisten hasiko gara. Ibaiaren ondora heldu baino metro batzuk gorago, basoaren ustiapenerako erabili zuten burdinbidearen informazio irakurri ahal izango dugu. Abiapuntura iritsi aurretik, Errege etxeen aurrien ondotik pasa eta Iratiko Elurretako Ama Birjinaren ermita bisitatuko dugu. 1954ko abuztuan inauguratu zen. Pedro Lozano de Sotés eta Francis Bartolozzi artistek egindako barruko zein kanpoko mural ezagunak ditu, haraneko eguneroko bizitza eta lan tradizionalak irudikatzen dituztenak.


Urbeltza errekaren paraleloan zabaltzen den bidetik


Borda errekaren ertzean

El Cubo ur-jauzia

El Cubo ur-jauzia

Bidegurutzea

Pagadian murgilduz

Enborrak garraiatzeko kable-sistema

Argibide-taula

Errekaidorrako zubia

Pagadian maldan behera

Burdinbidearen arrastoak

Urbeltza erreka

Elurretako Ama Birjinaren ermita



iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina