2026(e)ko azaroaren 20(a), ostirala

Enobietako bailaratik

Powered by Wikiloc

 


Gizakiok paisaia askotan gure beharren arabera moldatu izan dugu, baina zer gertatzen da behar hori desagertzen denean? Maiz, naturari lapurtutakoa bere horretan uzten dugu galdutako paisaia lehengoratzeko ahaleginik egin gabe. Ibilbide erraz honetan, berriz, alderantzizko jarreraren adibide bakanetako bat ikusteko parada izango dugu, Donostiako udalak, Enobietako urtegiaren urpean geratutako lurren itxura berreskuratzeko ahalegin itzela hain zuzen ere. 

 

Ur beharrak derrigortuta, 1919. urtean Donostiako udalak Artikutzako finka erosi zuen bertako ur baliabideak ustiatzeko asmoz. 1950eko hamarkadan, berriz, Enobietako urtegia eraikitzen hasi ziren, baina arazo geologiko larrien ondorioz, ezin izan zuten hasieran proiektatuta zegoen neurrikoa egin. Horrela, laster urtegia txikia geratu, eta, 1975ean Añarbeko presa eraiki ondoren, Donostialdea guztia urez hornitzea lortu zen. Honen guztiaren ondorioz, 2018. urtean, udalak urtegia hustu eta deskatalogatzea erabaki zuen. 2019an erabat hustu eta gero, natura bere lana egiten hasi zen, tokiko landaretza eta fauna berreskuratzen.

 

Ibilaldiari Artikutzako auzoan emango diogu hasiera. Hona ibilgailuz iristeko, Donostiako udalaren baimena eskuratu behar da bertara joanda edo udalaren web-orriaren bidez. Olajaundi eta Ostatu Zaharra etxe ederrak atzen utzi, eta, Almandoz etxearen paretik aurrera egin ondoren, eskuinetik ateratzen den xenda hartuko dugu. Aldapa motza igo bezain pronto, urtegia zenaren hormatzarraren ondora igoko gara eta bertatik, urtegiaren uren azpian egondako lur eremua ikusi ahal izango dugu, egun Enobietako bailara izenez ezaguna.

 

SL-Na 121 bide balizatuaren seinale zuri eta berdeek erakutsiko digute jarraitu beharreko bide zuzena. Ataka txiki bat igaro eta berehala, Izura igotzen den bidea utzi, eta, ezkerretik zabaltzen den pista zabalean zehar, aurrera egingo dugu. Urtegia eraikitzeko ireki zuten harrobiaren ondora ailegatuko gara. Harrobiaren arrastoak apenas ikusten dira, naturak bere lekua berreskuratu du eta. Bide erosoak, urtegia urez elikatzen  zituen erreka desberdinen gainetik igarotzen da. Egazki, Usanbelarreta, Amekorrun, Gorriko, Marmol, Auntsazulo errekastoak Enobieta errekarekin batera, bailara ondoan biltzen dira denak eta gaur egun desagertua dagoen urtegia urez hornitzen zuten.

 

Pagolletara doan bidea eskuinera utzita, baso mota desberdinen artean marrazten den pistan barrena aurrera egingo dugu. Eskasera doan bidea alde batera utzi, langa igaro eta berehala, gain batean kokaturik dagoen Artikutzako aterpetxea ikusiko dugu. Hemendik urtegia izandakoaren hormatzarrera gerturatzeko aukera izango dugu. Aldapan behera jarraitu eta San Agustin ermitaren ondora jaitsiko gara. 

 

1919. urtean Donostiako udaletxeak lur hauek erosi eta 1947. eta 1960. urteen artean Enobietako urtegia altxatu zuen. Zenbait bizileku berritu eta beste batzuk eraiki ziren egun Artikutza herria edo auzoa izenez ezaguna dena sortu arte. Hauekin batera bideak berritzen dira batez ere Oiartzundik datorrena. Artikutzako antzinako burdinola izan zenaren inguruan eraiki ziren etxe batzuk: Olajaundi, Ostatu Zarra, Almandoz, Olazar eta Bekoetxe. Beste batzuk, berriz, beranduagokoak dira: San Agustin kapera, zentral elektriko txiki bat, barrakoiak, ikuztegia, zubiak, txaletak eta udaleko aterpea. Urtean behin, San Agustin egunaren inguruan, Orreagatik Artikutzara joaten ziren nagusiak, bertakoei errentak kobratzeko. Gaur egun, berriz, abuztuaren 28an, San Agustin egunean hain zuzen ere, Artikutzan jai giroa nagusitzen da. Egun horretan ateak zabaltzen dira nahi duenak bertara joateko, baimenik eskatu gabe. Urte osoko isiltasuna apurtzen da eta festa giroa nagusitzen da.


Olajaundi

Orreagako mugarria

Ostatu Zaharra

Ostatu Zaharra eta Olajaundi

Añorga ibaia

Almandoz
Udazken koloreak

Bidegurutzea

Pagadia

Argibide-taula

Naturari so

San Agustin ermita

Artikutza auzoa




iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina